Gustura ibili naiz azken urteotan zuoi hemendik berba egiten. Eskertu izan dut bene-benetan neure idatziren bat gustatu zaizuela esan didazuen bakoitzean, baita zeozerekin ez zaudetela konforme esatean ere, irakurri izan duzuen seinalea da-eta; horixe izan baitut helburu bakarra, zuok euskaraz irakurtzea eta, ahal bada, apur bat entretenitzea.
Harro sentitu izan naiz urte hauetan, eta hori oso sentimendu polita da. Ez da behar beste ordainik.
Harro sentitu izan naiz Anbotoren zuzendaritzaren parte izanda ere. Komunikabide dotorea da, kalitatezkoa, berdintasunzalea, eta gainera, euskeraz. Talde miresgarri batek egiten du mirari hori egunero-egunero gogor lan eginda. Konpromisoa zer den jakin gura baduzue egin bueltatxo bat Anbototik. Ondo hartuko zaituztete gainera, neu ere halan hartu ninduten.
Asko ikasi dut urteotan, gozatu ere bai, eta orain, gero arte esan behar. Pena. Kanpoan nagoen artean, mesedez, zaindu hainbeste maite dudan Anboto, eta batez ere baztertxo hau.
Ondo ibili, eta mosu bana danoi!