Harritu egin nintzen ni neu ere, lehengoan Ibilaldian, Arnaldo Otegik nire bideoak espetxean ikusten zituela esan zidanean; Nafarroan ezin, baina Errioxan polito ikusten baita ETB. Harritu egin nintzen sekula ez zaidalako burutik pasatu ere egin espetxe bateko zuloraino heldu zitekeenik nire lanik, botilan sartutako mezu bat balitz bezala.
Zeozer idatzi eta komunikabide baten bidez zabaltzen denean zeozer magikoa gertatzen da. Ez dago jakiterik noraino hel litekeen mezua. Ezin jakin mezu hori jasoko duena non egongo ote den, etxean lasai bazkaltzen, edo preso ziega batean; pozik edo triste egongo den; esandakoa interasatuko ote zaion, edo amorrua eragingo ote dion. Ezin jakin ze sentimendu sorraraziko dion. Berripaper honetako berbak irakurriko dituena, beharbada, taberna batean egongo da gosaltzen, edo autobusean lanerako bidean. Edo agian urrun egongo da, atzerrian, eta internetetik irakurtzean, etxe zati bat aurkituko du bertan.
Milaka hartzaile, milaka leku, milaka egoera. Eta mezu bat.
Behin zabalduta, ez dago nork gelditu. Agian berehala, berez hilko da mezua; edo nork jakin, beharbada betiko biziko. Baina beti izango da mirari txiki bat, urruneko hondartza batera botila batean sartuta heldu den mezua bezala.