Kontraesanak

Souvenirrik ez dut ekarri aurtengo oporretatik, han-hemen irakurri ditudan esaldi batzuk baino ez ditut sartu maletan etxerako bueltan. Bat James Salter-en liburu batean aurkitu nuen, eta hala dio, nire itzulpena gora behera: “Bizitza egiten duen eguraldia da. Bazkariak dira. Gatza jausita dagoen kuadrodun mantel urdin batean egindako jatorduak. Tabako usaina. Brie gazta, sagar horiak, egurrezko kirtendun kutxilloak...”

Bizitza zer den azaltzeko sinpletasunagatik gustatu zitzaidan, eta maletan gorde nuen esaldia. Beste esaldia twitterren irakurri nuen, hil hurrean zegoen pertsona batek idatzita. Ingelesez da, laburra: “Live, love, laugh”, bizi, maitatu, barre egin. Azken aholkua, bizitzak behar lukeenaren laburpena. Amaiera gertu duela dakienaren argitasunak hunkitu ninduen. Hau ere maleta barrura.

Azkenarekin gura barik egin nuen estropezu, nahastuta erosi nuen liburu batean. Bata zelakoan, bestea erosi eta, harrigarria, nahi nuena baino askoz interesgarriagoa suertatu zitzaidan. Petros Márkaris-ena da. Grezia kontraesan baten gainean eraikita dagoela-eta, kontraesanak artearentzat ze emankorrak izan ohi diren jakina dela dio.

Kontraesanak. Berez sinplea dena zergatik konplikatzen ote dugun pentsatu dut. Bizitzen jakitearen artea hori ote ?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!