'Ze nezesidade...'

Barka diezadatela hizkuntzalari eta garbizaleek erdarakada hau erabiltzearren, baina ze nezesidade... lakorik ez dut aurkitu esan gura dudana esateko. Definizio labur bat ematekotan,  ze nezesidade... da neure buruari esan ohi diodana, inongo etekinik ez, eta buruko mina baino emango ez didaten nahasteetan sartzen naizenean.


Eta, hortaz, ze nezesidadeka epaitu ohi dut inoren jarduna ere. Esaterako, ze nezesidade esaten dut bere karrera profesional ederra albo batera utzita, nekeza izango den talde proiektu baten alde lanean hasteko prest dagoen lagunagatik. Edota erakunde bateko ordezkari nagusia izan arren, bertako telefonistaren soldata bera kobratzen duenagatik ere esaten dut ze nezesidade.

Kulturgintzan, euskalgintzan, sindikalgintzan, herrigintzan, gintza guztietan ze nezesidadedun lagun asko ezagutu izan dut urteotan. Agian ez dira eurak onenak izango,  baina interes pertsonalik ez dute, kontrara baino, eta konfiantza ematen didate.

Domekan ze nezesidadeka hasiko naiz, seguru, zinegotzi edo alkate ardura hartuko duten askorekin. “Zertarako horrelako nahastetan sartu, lasai bizi beharrean”, esango dut neure artean.  Baina eurena mundua ikusteko modu bat da, bizitzeko era bat. Eta guk behar ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!