Eta okurritzea gauza bat da, eta beste bat, ostera, nagusiari okurrentzia hori azaltzea serio-serio, egin daitekeela sinestarazi guran. Eta barreak irten barik, sasi-arraintxoaren lepoan marratxo gris bat margotu dakiokeela azaltzea, baina, hori bai, begirik ez, begiarena oso zaila litzatekeela esaten dion bitartean. Eta, amaitzeko, esango dio benetako angulekin baino etekin handiagoak lortuko dituztela. Harrigarria. Eta harrigarriagoa oraindik nagusiak baiezkoa esatea, aurrera egiten ausartzea.
Hark lortu zuen. Berak ez, ostera. Zorioneko gulok etorri zitzaizkion gogora ezezkoa eman ziotenean. Ausarta, oso ausarta zela esan zioten, baina, jakina, ez zen miresmena sortzen duen “ausart” mota hori, baizik eta “Hi haiz hi zentzunbako galanta!” esan gura duena. Ideia lar zoroa izango ote zen pentsatu du, edo, agian kontrara, zoroagoa izan behar zuela baiezkoa jasotzeko. Ez daki. Ez du sekula jakingo.
Eta gulak han daude, paketean. Eta begirik ez duten sasi-arraintxo horietan ikusi du askoren begietan baino ausardia gehiago.