Aspaldian, baina, bihotza urratuta daukat. Urratuta daukat betaurreko moreak jantzi ditudanetik. Ordutik hona ezin dut kanta berdin ikusi, edo entzun, hobeto esateko. Hizkuntza ez sexistaz egin dudan ikastaro madarikatuak munduaz dudan ikuskera aldatu dit, findu. Injustizia eta desoreka ipini dizkit begi aurrean inoiz baino ageriago. “Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia...”, “...gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea...”, “...bere premiak bete nahian beti bizi da gizona...” . Emakumerik ez zen sortu, antza, izarren hautsetik.
Lehen konturatu barik irensten nuen letra. Orain, ostera, estropezu egin, eta kontrako eztarritik sartzen zait. Izarren hautsarekin irudikatu dudan unibertsotik kanpo ikusi ditut munduko populazioaren erdia garen emakumezkook. Eta ez da justua, ezta erreala ere. “Gu ere zerbait bagera eta...”, “ukazioa legetzat hartuz beti aurrera” joan gura dugulako, eta, “gure aukeren jabe eraikiz, ta erortzean berriro jaikiz, ibiltzen joanen” garelako.