Haren ahotsa, barre egiteko modua, etorri zaizkio gogora.
Aurpegia garbitu gura du, arin.
Kotoi zuri bat hartu du eta, apurka-apurka, makillajea ezabatzen hasi da.
Begietatik lehenengo, igurtzi eta igurtzi, biluzik utzi arte. Bekokia gero, leun-leun. Matrailetatik behera, astiro-astiro, ezpainekin egin du topo. Malko artean, azken margo arrastoa kendu du.
Egundo makillatu ez denak ezin du jakin zenbat gauza esaten diren eta ez diren aurpegiko margoekin. Salatariak dira.
Akatsak estali eta dohainak nabarmentzeko gehienetan, eta tristura ezkutatzeko batzuetan; baina tristezia handiegia denean, ez dago margoentzako lekurik.
Negar egin du berriro. Errekak gardenak dira orain.
Eta gogoratu du, berak bezala, ezpain gorriak maite zituela hark ere.
Karmina hartu du astiro-astiro, tapa kendu, eta goiko ezpainetik hasi da. Ezkerrerik eskumara, dardara barik, lerro gorri bizia irudikatu du. Beheko ezpainean beste bat, eskumatik ezkerrera, dena segidan, etenik barik.
Ispiluaren aurrean dago, aurpegi garbia, ezpain gorriak.
Gaur ikasi du makillatu egin daitekeela inoren omenez ere.