Lehenengo tanga erosi nuela hogeitaka urte izango dira. Lankide batek haren onurekin konbentzitu ninduen, eta han joan nintzen erostera Durangoko barruko arropen denda ezagun batera. Tanga bat gura nuela eta, glup!, dendariaren begirakunea ikusi behar. Tira, holakorik apenas saldu ere ez zutela egiten esan zidan, bakarren bat zeukatela edukitzearren. En fin, "andra ganorabako edo holakoren bat ote naiz!", sentimendu horrekin irten nintzen dendatik. Hori bai, tanga erosita.

 

Ez dendari hark, ezta neuk ere, egun hartan ezin genuen imajinatu ere egin handik ez urte askora zenbat mila tanga salduko ziren Euskal Herrian, baita denda hartan ere. Harrotasun puntu batekin esan ohi diet lagunei aitzindari izan nintzela Durangon; erabiltzen ez dakit, horren datu estatistikorik ez daukat-eta, baina bai tanga bat erosten, itxura guztien arabera eta dendariaren aurpegia gogoan.

Eta erridikuloa bada ere, sarritan gogoratzen dut lehen tanga hura. Besteek uste dutenari jaramomik egin ez, eta idatzi bako arauren bat apurtu, eta korrontearen aurka joatea erabakitzen dudan bakoitzean, "tanga!” esaten dut neure artean. Jakin badakidalako denborak, agian, arrazoia emango didala. Harrigarria da hain oihal zati txikiak, hain irakaspen handia ekartzea. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!