Azken asteotan, esku pilotaren ekosistema inarrosi eta kirolaren kudeaketaren etorkizuna aldatuko duten hainbat erabaki hartu dira: EPELen izen-aldaketa, Bidarte Aspeko administratzaile bakarra izateari uztea, enpresaren akzio gehienen Bainet Taldeari salmenta… Aurrerantzean gure kirolaren kudeaketa monopolio bihurtzeko arriskua agerikoa da, Baiko Bainet Taldetik irten dela argudiatu duten arren.
Ez dakigu erabaki hauek zer ekarriko duten. Informazioa falta da eta, batez ere, ekintzak. Baina, gidariak nor diren ikusita, ez dago baikor izateko arrazoi handirik.
Esku pilota astindu duen berria hori izan bada ere, azken hilabetean beste hainbat gairen inguruan ere piztu da eztabaida. Nik, zehazki, abenduaren 20an Pilotarien Elkarteak kaleratutako kezkazko komunikatua hartu nahi dut kontuan.
Bertan, pilota profesionalaren kudeaketa hartzen ari den norabidearekiko kezka azaldu, eta hainbat kexa plazaratu zituzten: plantillen eta partiduen murrizketa, enpresaren diru-sarrerak handitzen ari diren bitartean; pandemian egindako esfortzu ekonomikoa aintzat hartu ez izana; eta beste hainbat.
Honek ere tristura eta haserrea eragin dizkit. Tristura kirolaren funtsezko protagonisten egoeragatik. Eta haserrea, 2020ko greban zeuden pilotariek —Larunbe salbu— erabaki zutelako greban ez zeuden bi pilotarik eta enpresaren aldeko jarrera hartu zuten beste bik sortutako elkarte baten sartzea, haren bidez greba amaierako akordioa sinatzeko. Erabaki horrek hauteskunde sindikalak eta hitzarmen kolektiboaren negoziazioa zapuztu zituen, jakinik, gainera, akordio hark ez zuela inolako balio juridikorik. Horrela, langileen eskubideak bermatzeko tresna bakarra baztertu zen, eta pilotariak babesik gabeko akordioen menpe geratu ziren. Ondorioak bistakoak dira. Ura pasa eta gero, alferrik da presa egitea.