Masters Caixabank torneotik hasiko naiz. Binakako txapelketa nagusiaren senide txikia. Udaldia zeharkatzen duen ardatza. Urte gutxian zaleon interesa piztu duen lehiaketa, non uztail eta irail bitarteko bikote erregularrena erabakitzen den.
Eta Mastersarekin batera, ezinbestean, Jon Mariezkurrena aipatu behar dut. Hirugarrenez irabazi du txapela, eta udako binakako espezialista nagusia dela berretsi du. Hala ere, neguko binakako txapela jantzi ezinik jarraitzen du nafarrak.
Bestalde, bitxikeriaren bat edo beste ere ikusi dugu hilabeteotan. Denen artean nabarmenena Altuna-Ezkurdia bikotea izan daiteke. San Mateo ferian lehiatu ziren eta txapelketa nagusian Aspek atzelariekin duen hutsunea betetzeko ganorazko alternatiba izan daitekeela egiaztatu zuten.
Baina berrikuntza guztien artean B Serieko torneoak gustatu zaizkit gehien. Normalean goi mailan jokatzeko aukerarik ez duten pilotariei beharrezko ikusgarritasuna eta garrantzia eman zaizkiela deritzot. Hala, besteak beste, Ugartemendiak, Muruak, Lizeagak, Egigurenek, Gabirondok eta Eskuzak torneo garrantzitsuen palmaresetan idatzi dituzte beraien izenak.
Horren guztiaren ifrentzuan, aldiz, jaialdi kopurua dago. Kasu honetan, diagnostikoa egiteko lagin egokiak izan daitezke abuztuaren 15erako antolatutako festibalak. Izan ere, urte askoan Andra Mari eguna izan zen esku pilotako jaialdien programazioen puntu gorena. Aurten 3 jaialdi baino ez ziren antolatu; horietatik bi, gainera, partidu bakarrekoak. Hau da, 43 pilotaritik 16k bakarrik jantzi zituzten praka zuriak abuztuaren ekuatorean. Kontuan izanik orain dela ez asko egun horretan 30na pilotari inguruko bi enpresetako pilotari guzti-guztiek jokatzen zutela... Atera kontuak.