Horrekin lotuta, bitxia izan zen joan den ekainaren 15ean Larrabetzuko jaialdiaren telebistako emanaldian ikusi genuena. Bitxia eta adierazgarria.
Elena Azpeitiak, ETB1eko kazetariak, hiru protagonista elkarrizketatu zituen: Errandonea, Altuna eta Dario. Eta, espero zitekeen bezala, gaiari buruz galdetu zien. Lehenengoak adierazi zuen berritasunari buruzko informazio guztia Pilotarien Elkarteari eman zitzaiola. Bigarrenak, berriz, informazioaren erdia soilik iritsi zitzaiela. Eta hirugarrenak, aldiz, ez zuen aldaketaren berri erdirik ere jaso. Telefono hautsiaren jolasean ari zirela zirudien.
Aspeko zuzendari komertzialaren esanetan, Pilotarien Elkartearekin egindako bilera batean arau berria aurkeztu zuten, eta bertan zehaztu ere aurrerantzean lau t'erdiko partida guztietan aplikatuko zela, txapelketa ofizialetan barne. Gainera, elkarrizketaren amaieran, ironiaz erantsi zuen: "Bateren bat, agian, ez zen enteratu izango".
Bestalde, buruz buruko txapelduna serio azaldu zen kameraren aurrean, eta haserrea nabaria zen bere hitzetan: "Esan ziguten, baina, tira, pilotariek badugu indarra eta denon artean hitz egin beharko dugu".
Horrekin batera, burura datorkit duela gutxi podcast batean entzun nuena. Bertan giza gorputzean latente egon daitezkeen bakterioak aipatzen ziren. Hau da, bakterio batzuk gorputzean presente egon daitezke sintomarik eragin gabe, eta baldintza jakin batzuetan aktibatu, gaixotasuna eraginez.
Altunak esan bezala, nik ere uste dut pilotariek indar handia dutela. Arazoa da indar hori oraindik latente dagoela, bakterio batzuk giza gorputzean egoten diren moduan. Aktibatzeko baldintzak aspalditik daude; orain, indar hori aktibatzea besterik ez da falta.