Zuriz hasi, baina…

Agian sinplekeria egotziko didazue pilotari baten ibilbidea kirol lorpen soiletara murrizteagatik, baina, idazteko leku mugatuak gauzak sinplifikatzera behartzen nau. Beraz, aurrez, barkadazue.

Mikel Urrutikoetxeak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri zuen martxoaren 12an emandako prentsaurreko baten. Pilotaren historian zortzi pilotarik baino ez dituzte hiru txapel nagusiak irabazi. Bada, Mikelek olinpo horretan sartzea lortu zuen 2015-2016 denboraldiko txapel guztiak irabaziz. Bada zerbait.

2009an, debuta egin zuenean, espektatiba handiak sortu ziren Urrutiren inguruan. Batez ere, buruz buruko txapela Bizkaira hogeitaka urtean ezin ekartzearen antidotoa zen mutiko mehar hura zaleentzat.

Handik sei hilabetera bigarren mailako lau eta erdikoa irabazi zuen, baina pilotazaleak, zorrotz, txapel nagusia eskatzen zion Mikeli. Sei urte luze geroago jantzi zuen sari handia, eta, gainera, behin hasita, errenkadan bururatu zituen gainontzeko bi modalitateetakoak ere.

Lau eta erdikoa epikaz irabazi zuen. 10-20 galtzen joan, 12 tanto jarraian egin eta 22-20 irabazi zion Irujo handiari. Bide batez, Bizkaira ekarri zuen 1953tik lortu gabe zegoen titulua.

Binakakoan ere izan zuen, bada, meritua Mikelek. Izan ere, berea ez zen postuan irabaztea lortu zuen Aimar Olaizolaren atzelari gisa. Balentria handia, inondik ere.

Baina dena ez da loria izan Urrutikoetxearen jardunbidean, eta irabazitako txapelak bezain beltza da zaratamarraren bidea zikindu zuen orbana. Pilotarien greban, kideen elkartasun adierazpen bete-betean, Urrutik enpresaren aldeko jarrera hartzea erabaki zuen Aimar Olaizolarekin (Baikoko kirol arduraduna gaur egun) eta Ander Imazekin batera. Horrekin, besteak beste, Laso, Mariezkurrena, Eskiroz eta Victor Baikotik kaleratzeko erabakiarekin bat egin zuen. Ados bihozgabekeria horrekin. Hotz.

Sebastian Lizasok “zuriz jantzita hasi hintzen ta zikindu gabe bukatu” kantatu zion Bengoetxeari Azpeitiko agurreko partidan. Mikel ere zuriz jantzita hasi zen, baina... orbanduta bukatu, ordea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!