Jeseus, Albitsu!

Azken tantoa egin orduko erabaki nuen berari buruz idatziko nuela. Baziren nahikoa motibo beste batzuei buruz ere hitz egiteko, baina berak partidu ia perfektua jokatuta irabazi berri zuen. Jardunaldi berean beste batzuek ere partidu ia borobila egin zuten, baina bera aspaldian ikusi ez dugun mailan jokatzen ari da azken asteotan. Egia da badela besteren bat ere txapelketan bere jokorik onena berreskuratu duena, baina berari kariño berezia diot. Bera da-eta.

Geure lagunartean sarritan erabiltzen dugu “Jeseus, Albitsu!” esapidea. Hala ere, joan den igandera arte denbora dezente neraman originala entzun gabe. 20-15ean Euzkitzek “Jeseus!” batekin erantzun zion Jon Anderren pilotakada bati. Poza eman zidan. Izan ere, jatorrizkoak zirrara handiagoa eragin ohi du imitazioak baino. Eta jatorrizkoa, geuretzat behintzat, Xabierrena eta Jon Anderrena da.

Ataundarraren figura ez da nolanahikoa. Uztailean 15 urte beteko ditu profesionaletan. Horietatik 13 lehen mailan. Eta, gainera, gehien-gehienak enpresako erreferentziazko atzelari lanetan pasatu ditu. Hala ere, inoiz ez diogu merezi duen besteko garrantzia emango, ez da-eta karismadun pertsona. Are gehiago, odol gutxikoa dela ere entzun izan dut inoiz. Gutxi transmititzen duela. Baina odolik gabe ezinezkoa da Jon Anderren ibilbidea egitea. Bide batez, onar dezadan, odolgabeak atsegin ohi ditudala. Protesta gutxitan, baina, behar denean, neurrizkoak egiten dituztenak. Elkarrizketetan natural eta xume hitz egiten dutenak, tonu neutro eta gatzgabean. Inoiz, etsipenak eraginda, pilota harrika jaurti eta, berehala, lotsazko keinu batez burua makurtzen dutenak. Gutxien transmititzen duten horiek transmititzen didatela niri gehien, alegia. Baita greba batean lehen lerroko bigarren planoan kokatzen direnak ere.

Txapelik garrantzitsuena ez delako buruan janzten, pilotazale gehienok pozten gara, neurri batean, Albisuren arrakastarekin, eta sufritu egiten dugu haren porrota. Bera izate hutsagatik. Beti apal. Beti jator. Beti eredu. Beti Albisu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!