Ez naiz inondik inora ere hasiko lesio baten erruz pilota utzi behar izan zuen pilotari baten azaletik idazten. Hark inork baino hobeto daki-eta egoera honi ere nola egin behar dion aurre. Gainera, gertaerak baino min handiagoa eman zidan modu horretan erretiroa Danelek berak hartu behar izanak; hain zuzen, ezagutu ditudan guztien artean, frontoian ordu gehien egin dituen pilotariak, zalantzarik gabe. Edo goizean entrenamendu gogorra eginda, arratsaldean gazteen entsegua ikustera joan eta, jokatzeko grinari eutsi ezinik, bakeroak eta alkandora jantzita izerdi-patsetan etxeratzen zenak.
2016ko irailean idatzi nuen astekari honetarako lehen artikuluan Danel izan zen protagonista. Besteak beste, Asegarcetik Aspera pasatzea erabaki errentagarria izan zitekeela edota bere aita zenari harro sentitzeko motiboak emango zizkiola uste nuela nioen. Bada, aurreikuspena bete-betean asmatu dudala esango nuke. Horra, bestela, kirol ibilbide inbidiagarria jarrera eredugarriz jantzia.