Denak ez du balio

Urtarrilaren 26an Pilotaren hotsa izeneko artikulua idatzi nuen binakako txapelketako partidu batzuetako giroa goraipatuz. Aspaldiko partez, pilotaren soinua entzun eta, idatzian esan nuen moduan, giro sanoa bizi izan genuen. Bada, azken asteotan frontoietako giroari buruzko eztabaida piztu da pilotazaleen artean.

Buruz buruko finaletik egun batzuetara, pilotazale talde batek finaletako burrunba murrizteko eskaria egin zuen, ikuskizunari kalte egiten diola alegatuz. Iñaki Artolak berak ere aitortu zuen ez zitzaiola finaleko giroa gustatu: “Nik Irujoren eta Aimarren aldeko oihuak, artekarien ahotsak, zaleen animo hotsak… entzuten ziren finalak bizi izan ditut; hortaz, niri, musikak, argiek eta gainerakoek ez didate zirrararik eragin”.

Zesta-puntaren bideari jarraika, berrikuntza ugari ezarri dira eskuzko jaialdietan. Eta gai honi buruz ere idatzi nuen iaz Berritu ala hil artikuluan, besteak beste, DJa, argi-festa, aurkezle-animatzailea… aipatuz. Bada, hauek denak ere badira egun jaialdi askotan bizi dugun giro iskanbilatsuaren eragile, esaterako, inguruko lagunekin sozializazioa zailduz.

Dena aldatzen da, baina, kasu honetan, eraberritzearen alde denak ez du balio.

Azken neurri berritzailea Bizkaia torneoan ezarri dute, tantoak zenbatzeko sisteman, hain zuzen, zeinak set-etara jokatzeak ez baitu pilotaririk ase, eta, bide batez, nik neuk ere ez dut batere gustuko. Ikustagun zein erabaki hartzen duten enpresek probaren ondoren, baina, bide luzerik ez izatea litzateke zentzuzkoena.

Nobedade positiboen artean, udako Caixabank torneoa dago. Bikote mistoekin jokatzen da, eta pandemia sasoian behin-behineko adabakia behar zuenak arrakastaz egin du bere lekua udako karteldegian. Hala ere, onartu behar dut bikote mistoen kontuak barregura eragiten didala, enpresen arteko lehia marketin hutsa izatera pasatu baitzen aspaldi. Gainera, publizitate honen izenean, eta ikuskizunaren kaltean, gelditu izan dira inoiz txapelketetatik kanpo titularrak baino maila handiagoko pilotariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!