Hasteko, iragan otsailaren 28an Aspek 25 urteko Aaron Arbizuri kontratua berrituko ez ziola iragarri zuen, profesionaletan 23 hilabete soilik eman ondoren. Pilotaria enpresaren erabakiarekin haserre agertu bazen ere, inork ez zuen ahotsik altxatu bihozgabekeria horren aurrean. Bestalde, azken urteotan ohiko bihurtu dute bigarren mailako buruz buruko txapeldunek aurre kanporaketa bat jokatu behar izatea lehen mailako txapelketan sartzeko. Aurten, Bakaikoak jasan du injustizia hori eta, bitartean, pilotarien eskubideak defendatzeko antolatu zuten elkartea mutu.
Bukatzeko, azken erabaki polemikoa Peio Etxeberriaren kaltean izan da. Enpresaren erabakiz, bere kirol ibilbideko momenturik onenean eta binakako txapelketa nagusiko txapela irabazi eta bi egunera, buruz burukotik kanpo utzi zuen Aspek, martxotik Zumaian jokatzeko iragarrita zegoen arren. Egia esan, erabakiak berak baino gehiago harritu nau berau onartzeko naturaltasunak.
Honekin guztiarekin, Pilotarien Elkartearen sorrerari buruz 2020an izan nituen susmoak berretsi baino ez dira egin urteotan. Orduan, elkartasunetik baino, norberekeriatik eratu zela iruditu zitzaidan; buruz buruko txapelketaren geldialdiak eragindako itoak bultzatuta, alegia. Lau urte geroago enpresek berdin jarraitzen dute; elkartea, aldiz, otzan.