Pilotaren hotsa

Eskuz binakako txapelketa nagusiko protagonistei buruz galdezka hasiz gero, Mariezkurrena, Zabaleta edo Altuna izango lirateke seguraski izen bereziak. Nik, ordea, kantxaz kanpokoa nabarmenduko nuke; pilotazalea, alegia. Betekadaz betekada igarotzen ari da aurtengo txapelketa eta horrek energia dosia ematen dio gure kirolari.

Esku pilotaren eskaintza asko aldatzen ari da urteotan. Gaur egun, jaialdiaren barruan, partiduez gain, musikaz, zozketez edota atsedenaldietako jolasez ere goza dezakegu. Horrekin batera, pilotalekuetara doan jendearen profila ere aldatu da. Lehen gehienetan adin aurreratuko gizonezkoak joaten ziren moduan, neska-mutiko gazte ugari ikusi dezakegu egun harmailetan. 
Honek guztiak, arestian esan bezala, esperantza dosia dakar, baina baita idatzi gabeko arau batzuen aldaketak ere. Izan ere, azkenaldian sarri-sarri ikusten dugu pilotalekuetan futbolaren kutsua duen giroa eta gero eta handiagoa da partidu osoa
Txoria txori zein Ikusi mendizaleak kantatzen pasatzen duten zaleen kopurua. Halakoetan, bertso finaletako amaierako agurretan, bertsolari bakoitzak kantatutako ia puntu bakoitzari txaloak jotzen dizkion zalea dakart gogora. Batzuek ez dute hurrengo puntuaren hasiera entzuten uzten; besteek, aldiz, pilotakaden soinua. Eta badute beren garrantzia.

Gogoan daukat Zornotzako frontoi zaharrera sartu nintzen lehenengo aldian, pilota gogorraren hotsak txunditu ninduela gehien. Hortik aurrera ez nuen atsedenik izan (ezta eman ere) pilotalekuko kantxeroak oparitutako pilota goxuaz gain, burutik kendu ezinik nuen soinu hura egiten zuen pilota bat esku artean izan artean. 

Horrekin lotuta, hilaren 14an Gasteizko Ogetan jokatutako jaialdia ekarri nahiko nuke hitzotara. Euzkitzek eta Barriolak “pilotako giro sanoa” nabarmendu zuten, eta hala nabaritu nuen telebistaz nik ere. Tantoa jokatzen ari ziren bitartean isiltasun handia zegoen eta marmarrak hartzen zuen honen tokia tantoak nahasten zirenetan. Pilotaren hotsak, materialari buruzko informazioa emateaz gain, ikuskizuna bera ere janzten baitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!