Gantxo eta garrasi

Gaur ere, egunero legez, erlojuak goizeko hamaikak jo dituenean, korrika bizian irten da 11-12 urte inguruko ikasle kuadrilla, ikastolako Haur Hezkuntzako atarian dagoen horma zurian esku-pilotan jolastera. Iristearekin batera Laso izan nahi duela erabaki du batek; Altuna izateko hautua egin du bigarrenak; hirugarrena Imaz izango da; eta Ezkurdiak, Elordik eta Zabaletak osatuko dute gaurko jaialdia. Bazter honetako hormak ere, asteburuetan telebistaz ikusi ohi dituzten frontoietako bat izatera pasatu dira lehenengo primia lehiatzen hasterako.

Hasi eta berehala, dejadaz egin du lehenengo tantoa Zabaletak. Frontoiko 3.000 ikusleei begira jarri, ukabilak indarrez itxi eta garrasi batekin ospatu du lorpena. Bigarren tantoa modu berean egin du pilotari berberak; oraingoan, ordea, lurrera begira oihu ozen eginez hustu du barrena. Hurrengo tantoa huts batekin erabaki da eta amorruz utzi du kantxa Imaz eliminatu berriak, bidean gomazko eskumuturrekoa kendu eta modu bortitzean lurrera botatzen zuen bitartean; eta, nola ez, ernegua txilio batekin jantzi du honek ere. Bukatzeko, lehenengo primia irabazi osteko Elordiren ospakizuna nekez bereizi ahalko nuke hutsik handiena egin osteko etsipen keinuetatik. Lanagatik alde egin behar izan dut orduan, pilotariak keinu eta garrasi artean utzita.

Normala den moduan, idoloen jarrera eta imintzio den-denak imitatzen saiatzen dira pilotari gazteak. Gantxoak eta garrasiak. Horregatik, askotan pentsatu izan dut puntako pilotariak kontu handiz ibili behar luketela transmititzen dutenarekin. Baina asteburuero jokabide hauek pilotalekuetara eramaten dituzte umeek, eta hango harmailetan ere hauen erreplikak ikusi ditzakegu. Izan ere, hantxe ikus ditzakegu gurasoak seme-alaben jokaldiak sutsuki ospatzen zein madarikatzen. Horrelako egoeren aurrean, Aitor Sarriegik 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean botatako bertso baten amaiera etortzen zait gogora: “Eta nolakoa izango da gure etorkizuna haurrei eskatu ezkero geuk egiten ez duguna?”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!