Niri askotan tokatu izan zait esku pilotaren zehaztasun hauek hitzez azaltzen saiatzea; gehienetan nire bikotekidearekin. Honek, “zergatik jo du pilota alde horretara aurkaria bertan bazegoen?”, “nola egin du hori, tantoa zabalean egina bazuen?” eta antzeko komentarioekin erantzun ohi die pilotarien akatsei, eta orduantxe saiatzen naiz ikusarazten kantxatik bertatik ez dela telebistatik bezain erraza zulo horiek antzematea.
Bada, ordea, nire azalpen guztiei sinesgarritasuna kendu eta hauek kolokan jartzen dituen pilotari bat: Jokin Altuna. Amezketarrak jokatzen duenean, honek pilota jo aurretik bikote-lagunak aurkari biak aurrean daudela eta atzealdea hutsik dagoela esanez gero, Jokinek tantoa atzean egiten du. Lehenengoak txokoan dagoen hutsuneaz ohartaraziz gero, bigarrenak bazter horretara bidaliko du pilota. Batak esan, besteak egin. Inoiz begiak Altunaren belarrian ere zorroztu ditut harriduraren harriduraz, nire ondokoak esandakoak entzungailu baten bidez-edo entzuten ari ote den susmoarekin.
Nola ohartarazi, orduan, gure kirolaren konplikazioez, parean ia akatsik egiten ez duen pilotaria dena biribil egiten ikusten duzunean behin eta berriz? Esplikazioetarako aukerarik gabe ez ezik, hitzik gabe ere uzten nau gipuzkoarrak gehien-gehienetan.
Bide batez, Altunak jokatzen duenean sarri-sarri gogora ekartzen dudan moduan, behin gure amamak esana ekarriko dut hitzotara. Titin ez zitzaiola gustatzen zioen amamak, beti inor ez zegoen tokira botatzen zuelako pilota. Bada, arrazoibide horri jarraituz, ez zait iruditzen, dagoen lekuan dagoela, azken urteotan Altunaren zale egin zaigunik.