Esku pilota izan daiteke horren adibide. Azken hileotan berrikuntzak ikusi ditugu zenbait jaialditan eta, kasuotan gertatu ohi den eran, aldeko zein kontrako iritziak gurutzatu dira pilotazaleen artean.
Abendutik hona Zornotzan jokatu diren hiru jaialdiak izan daitezke transformazio horren erakusgarri. Adibidez, etenaldi luzeak aprobetxatuz, zaleen artean sariak banatu ziren zozketen bitartez. Horrez gain, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izan zuten bertaratutako pilotazaleek. Hori gutxi ez eta, partiduak amaitu ondoren, zaleek pilotariekin argazkiak ateratzeko gunea ere jarri zuten. Hauek denak DJ eta esatari batek girotuta egin ziren, hutsarteei bizitasuna emanez.
Bide batez, jende gaztea ere erakarri zuten ekimen hauek. Izan ere, kasu askotan, pilotalekuko gazteenek nahiago dute Altunaren kamisetarekin edo sinatutako pilota batekin etxera joan, amezketarraren magia ikustea baino.
Zornotzako berrikuntzak aurrez ikusitako hainbati gehitu behar zaizkie; besteak beste, frontoietan pantailak jartzeari, palomiten eta saltxitxa-ogitartekoen eskaintzari, finaletako pilotarien aurkezpenen “amerikanizazioari”, botileroei mikrofonoa jartzeari…
Arestian esan bezala, espektakulu berri honek alde guztietako iritziak ditu. Ni aldeko naiz, 2 ordutik gora irauten duen jaialdiari egungo gizarteak eskatzen duen dinamikotasuna ematen diola uste baitut.
Hala ere, aipatu behar da ideia gehienak eskuzko jaialdietara ekarri aurretik Gernikako zesta-puntako Winter Series torneoan jarri zirela martxan, astelehenero mila pertsonatik gora bildu eta bete-beteko arrakasta lortuz.
Ea, bada, zesta-puntan egin bezala, esku pilotan ere ikuskizunaren aldeko iraultza sarreren prezioetara iristen den, zeren hori baita frontoi askotan bizi den giro triste eta hotza epeltzeko modurik eraginkorrena.