Mallabitarrak azken asteotan egin duena ikaragarria izan da; izan ere, bidean Jakarekin, Ezkurdiarekin, Lasorekin, Altunarekin eta Peio Etxeberriarekin gurutzatu ostean, partidu bakarra galduta bukatu du txapelketa. Horrela, goi mailako pilotariekin lehiatzeko gai dela sinetsarazi digu, eta, are garrantzitsuagoa dena, bere burua ere konbentzitu du.
Lana erruz eginez eta etapa guztiak errez iritsi da Aitor puntu honetara. 2016an debutatu zuenetik bigarren mailan jokatu du nagusiki, momentu askotan aukera hobeagoren bat merezi izan duen arren. Hala, hiru urte egin zituen lehen finalera iritsi eta Oier Etxebarriarekin Promozioko binakakoa irabazi zuen arte. Eskuz banakako finala ere urte berean jokatu zuen Darioren kontra galduz, eta harrezkero hasi zen pilotazalea pixkanaka Elordi kontuan hartzen. Hurrengo urtean buruz buruko bi finalak jokatuta lau t’erdiko txapela jantzi zuen; eta 2021ean, aldiz, berriz ere binakako azkenekora iritsi zen, baina ezin izan zuen Garmendiarekin batera garaipena lortu.
Horrez gain, 2020ko kaiolako txapela irabazteak maila nagusian jokatzeko saria zekarrela uste genuenean, Elordik Irribarriaren kontrako aurre-kanporaketa bat jokatu behar izan zuen berea behar lukeen tokia irabazteko. Ataka gainditu ondoren txapelketako lehen partidua Artolari irabazi eta final laurdenetako ligaxkan sartu zen.
Bukatzeko, azken erdiespena, arestian aipatu bezala, maila bat gorago igo eta finaletik pauso bakarrera gelditzea izan da. Ez da lorpen makala.
Honegatik denagatik uste dut Elordiren kasuak zer pentsatua eman beharko lukeela kirolariekin pazientzia gutxi izateko eta epe laburreko emaitzak soilik bilatzeko joera dagoen garaiotan.