Lehiari dagokionez, Logroñoko torneoaren eta Caixabank Mastersaren azken zatiaren faltan, orain arteko balorazio orokorra egitea erabaki dut lerrootan. Arraroa badirudi ere, udako protagonista ez da Altuna izaten ari; ezta Laso ere. Bi hauen enpatxua aurreikusten genuen sasoi hasieran, baina lesioen erruz ezin izan dira erregulartasunez aritu. Hala ere, maila onean jokatu dute egin dutenetan. Lasok hiru final jokatu ditu dagoeneko, eta horietako bat irabazi du; Altunak, aldiz, final bakarra jokatu du, eta hura galdu.
Protagonista nagusien artean Jon Mariezkurrena aipatu behar da, zalantzarik gabe. Lau torneo irabazi ditu (San Fermin, Donostia Hiria, Bizkaia torneoa eta Aste Nagusia) eta horietako hirutan pilotari onenaren saria ere lortu du. Baina, garaipenez gain, harrigarriagoa da atzelari nafarra nola irabazten ari den ikustea. Nagusitasun handiz garaitu ditu paretik pasatu zaizkion aurkari guztiak, eta, horrela, jokatu dituen 25 partiduetatik 4 baino ez ditu galdu. Datu harrigarria inondik ere! Horrelakoetan Zabaleta izaten da neurgailurik onena, eta elkarren aurka jokatu dutenetan gaur egun sasoi onenean dagoen pilotaria dela berretsi du Jonek.
Nahiz eta ahaztuta dagoela dirudien, nagusiek eta zenbait pilotarik enpresatik kanpo nahi izan zutela errealitatea da. Ez al du inork autokritikarik egingo?
Zabaleta ere ezin aipatu gabe utzi. Partidu gehien jokatu dituen pilotaria da. Mariezkurrenari buruz esandakoak esanda ere, ez gaitezen nahastu, atzeko koadroek nagusi bakarra izaten jarraitzen dute.