Gozatu bideaz, Morga

Gogoan daukat pilotari profesionalekin entrenamenduetatik kanpora izan nuen lehen kontaktua. 2007ko ekainean izan zen, Arnedilloko bainuetxean, Asegarce enpresak urtero egin ohi zuen egonaldietako batean. Gogoratzen dut orduko poza, ezinegona, ilusioa, beldurra… 

Bertara iristearekin batera hasi nintzen ezagunen bat bilatzen: Imanol Agirre, Alexis Apraiz, Pablo Urrizelki... Baina, jarraian, enpresako prentsa arduraduna etorri eta hoteleko aretora joan behar genuela esan zidan. Igogailua itxaroten geundela, norbait jarri zitzaigun alboan. Begiratu eta Aimar Olaizola ikusi nuen nire aldamenean. Segundo baten buruan beroa eta izerdia nabaritzen hasi nintzen gorputzean. Metro erdi eskasera neukan 24 ordu lehenago buruz buruko txapel handia irabazi zuen pilotaria. Luze egin zitzaidan elkar aurkeztu gintuzten arteko momentua, zer esan eta nora begiratu jakin gabe. Aurkezpenean, nire partiduren bat telebistaz ikusia zuela esan zidan Aimarrek. Berriz ere azkartu zitzaidan bihotza. Nola zitekeen Olaizolak nire partiduak telebistaz ikusi izana? Surrealista izaten ari zen dena. Solasaldi labur baina atsegin baten ondoren, aretoan egin beharrekoei ekin genien: argazkiak, elkarrizketak, arropa jantzi, argazki gehiago… eta bukatzeko, talde-argazkia. Orduan inguratu zitzaizkidan gainontzeko kide berriak zorionak ematera: Beloki, Zearra, Bengoetxea, Patxi Ruiz, Unanue… Taldearen parte nintzen, azkenean. Pilotari profesionala. Txikitako ametsa betetzen ari nintzela sentitu nuen, eta banekien egun hura ez nuela bizitza osoan ahaztuko.

Antzeko sentsazioak izaten ariko da asteotan Aimar Morgaetxebarria. Zalantzarik gabe, ilusio berezia egiten dit atzelari zornotzarraren debutak. Izan ere, uztailaren 16an, Karmen egunez, herriko pilotalekuan jokatuko du lehen partida profesionaletan; 15 urte lehenago neurea jokatu nuen frontoi eta egun berean, alegia. Oroitzapen ezin hobeak ekarriko dizkit herrikidearen debutak. Gozatu bide berriaz, Morga!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!