Non dago elkartea?

2020ko abuztuaren 16an, Mikel Larunbek tarte bat hartu zuen partida baten osteko elkarrizketan Baikoren azken erabakiak salatzeko. Galdakoztarra enpresaren bidegabekeriak publikoki gaitzetsi zituen lehen pilotaria izan zen eta, bereziki, Eskirozi, promozio mailako binakako txapeldun izan eta 10 egunera, kontratua ez berritzeko erabakia kritikatu zuen, elkartasun mezu eredugarri batekin. Hilabete eskasera, Baikoko pilotari gehienak, Beotibarren egindako prentsaurreko batean, enpresaren erabakiekin desadostasuna adierazi eta grebarako prest agertu ziren. 

Askorako eman zuen grebak: pilotarien batasuna, bi alderdikoen arteko tirabirak, grebalari taldearen higadura egunak pasa ahala, elkarte polemiko baten sorrera… Bada, iraun zuen bitartean Larunbe bera izan zen, Ibai Zabalarekin batera, enpresa-batzordeko ordezkari, eta aipagarria izan zen sindikatuarekin, komunikabideekin zein enpresarekin harremanean egindako lana. Hala ere, batzuek konponbidearen giltzarritzat duten elkartean ez sartzea erabaki zuen bakarra izan zen Mikel. Izan ere, ez zuen onartu, besteak beste, enpresa-batzordea eratu ondoren, beste batzuen artean negoziazioak Olaizolak eta Urrutik sortutako elkarte baten bitartez egitea. Behin greba bukatuta, jakin-min eta morbo handia piztu zuen alde bietako pilotarien arteko harremanak. Hala ere, ez genuen denbora askorik behar izan gertatutakoak “ahaztu” eta giro onaren alde egin zutela ikusteko. Zale askorentzat ulertezina zen pilotariek, kantxan ez ezik kantxatik kanpo ere, ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzea. Horrela, pasatutakoak errazegi ahaztu zituztela esan zuten askok.

Arestian Larunberi buruz aipaturikoak ere erraz ahaztu direla dirudi. Izan ere, inolako min fisikorik izan gabe, bost partidu baino ez ditu jokatu 2022 urte osoan; azkena, martxoaren 1ean. Hala ere, enpresa hartzen ari den mendekuaren aurrean, inork ez du egoera salatu. Non dago elkartea? Non elkartasuna? Ez dirudi interes indibidualak alde batera uzteko prest daudenik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!