Liderrek gorabeheratsu ekin zioten txapelketari. Eskuetako arazoak medio, kosta egin zitzaien martxa hartzea, baina minak osatzearekin batera goraldia hasi eta ezin hobeto amaitu dute fasea.
Elezkanok eta Zabaletak erakustaldi latzak eman dituzte. Garaiezinak ziruditen, hiru partidu jarraian galdu zituzten arte. Zalantzak sortu ziren orduan, baina, hasierako maila berreskuratuz lortu dute finalaurrekoetarako txartela.
Irribarria eta Rezusta zuzeneko sailkapenaren atarian geratu dira azken jardunaldiko hil ala biziko partidua galdu ondoren. Hala ere, behetik gora egin dute eta edozein aurkari dantzan jartzeko beste ahalmen dute.
Asko gustatzen ari zait Laso eta Imaz egiten ari diren txapelketa, nahiz eta sailkapenean behera egin duten azken bi jardunaldietan galdu ostean. Laso izar handien pare, ondo erakutsi dute kontuan hartu beharreko bikotea direla.
Gaur egungo bikote azpitxapelduna gorabeheratsu ikusi dut. Ahal handiko bikotea da, baina, iaz ez bezala, bikotea osatzea kostatu zaie. Seigarren postua Ezkurdiak eta Tolosak lortu dute, meritu handiko eskalada eginda. Ezinezkoa zirudien sailkatzea; baina tartean Ezkurdia dagoenean, ezin da ezer ziurtzat jo.
Kanporatuei dagokienez, Jaka-Mariezkurrena txapelketako dezepziorik handiena izan da. Azken bikotean, ordea, aipatzekoa da Urrutik egindako lana. Azken urteotan galduta zuen konfiantza berreskuratu eta berriro buruz burukorako hautagai sendoa izango dela dirudi.