Albistea argitara eman zen momentutik, asko hitz egin da Oinatzek hamaika aldiz aldarrikatu duen nahiaz; profesionaletan 20 urteko ibilbidea osatzea, alegia. Asegarce/Baikori lau txapel eman dizkion pilotariak kontratua 10 hilabetez luzatzea besterik ez zuen eskatu, baina enpresaren ezetza jaso zuen. Leitzarrari egindako enegarren gutxiespena izan zen; bai azkena ere.
Enpresa-arloan aditua izan gabe, akordio horretatik etekin handia atera zitekeela uste dut. Izan ere, Bengoetxeak mugiarazten duen zale andana eta urrira arteko jaialdiak (tartean, udakoak) osagai ezin hobeak liratekeela uste dut enpresaren interes ekonomikoa, pilotariaren ametsa eta zaleen guraria asebetetzeko. Are ulertezinagoa zait enpresaren erabakia, greba garaian, pandemiaren aitzakian, diruz gaizki zegoela behin eta berriz zabaldu ondoren. Orduan ez nuen sinetsi, baina orain gutxiago.
Bidegabekeriak alde batera utzita, eman diezaiogun merezi duen garrantzia Bengoetxearen ibilbideari. Arestian aipatu ditudan txapelez gain, beste hiru final gehiago ere jokatu ditu (baita lesio bategatik jokatu ezin izan zuen buruz-buruko beste batera iritsi ere), Nafarroako lau t’erdiko hiru txapelaren jabe da eta eskuz banakako Masters-a ere irabazi zuen. Gainera, pilotaren historian hiru diziplinatan txapelak irabazi dituzten zazpi pilotarietako bat da.
Asteartean jarri ziren azken partidurako sarrerak salgai eta 7 minutu eskasean saldu ziren denak. Ikusi da, beraz, enpresak ez duela Bengoetxearen figura zaleok bezainbeste baloratu.