“Aspaldian atzelari bati ikusi diodan erakustaldirik handienetako bat izan da”. Adierazpen hauek ez dira seguraski Zabaletari buruz esan diren guztien artean originalenak izango, baina indar berezia hartzen dute igorlearen identitatea jakinez gero. Izan ere, Aimar Olaizolak San Mateoko finalaren ondoren esandako hitzak dira. Hortaz, pentsa bukatzear den 23 urteko ibilbidean zehar ikusi dituen zenbat pilotarirekin egiten ari zen konparaketa.
Maiatzean binakako txapelketa nagusia Elezkanorekin irabazi zuenetik, San Fermin torneoa Peio Etxeberriarekin, CaixaBank Mastersa Olaizolarekin eta San Mateo Feria Victorrekin irabazi ditu; jokatu diren torneo guztiak, alegia.
Baina, irabazitakoa alde batera utzita, harrigarriena nola irabazten duen ikustea da. Eskuinarekin beti markatu izan ditu diferentziak, baina lehen falta zitzaion jarraikortasuna dauka gaur egun. Ezkerra ere onenaren parekoa du, atzeko koadroetatik aurkariari pilota kentzeko zein aurreko pilotak errebote zuloan jartzeko. Horri guztiari hanketako abiadura, indarra eta erresistentzia gehitu behar zaio. Hori gutxi balitz, estetikoki ezin dotoreago egiten ditu mugimenduak, eta kantxan duen jarrera edozeinek eredutzat hartzeko modukoa da. Hitz bakarrean, gozamena!
Bukatzeko, nire inguruko jende askori eman diodan gomendio bat nahiko nuke eman. Joan zaitezte Zabaleta zuzenean ikustera. Telebistaz transmititzen dituen sentsazioak biderkatu egiten dira aurrez aurre ikusterakoan. Aldez aurretik, ez horregatik.