Auziak eta arantzak

Ezin zitekeen beste modu batera izan, eta Zabaletaren erakustaldiarekin bukatu zen igandean eskuz binakako txapelketa. Horrekin batera indarra hartu du azken asteotan pilotazaleon artean piztu den auzi antzuak; “Historiako atzelaririk onena al da Zabaleta?”, “Izan al da inoiz jotzaileagorik?”. Ez zaizkit horrelako eztabaidak gustatzen, erantzun ezinezkoen bila ikusten baitut jendea.

Txapelketari dagokionez, egundoko ikuskizuna eman dute txapeldunek. Atzelari nafarrak hitzik gabe utzi gaitu astebururo. Finala frontoian ikusteko zortea izan nuen, eta gutxitan sentitu dut pilotaleku baten Zabaletaren pilotakadek eragin zidaten zirrara. Aukera dagoenean zoazte Zabaletaren partidu bat zuzenean ikustera; ez zaizue damutuko.

Elezkanok finalean egindako partiduak aipamen berezia merezi duela uste dut. Bere lana ez zen Zabaletarena bezain ikusgarria izan, baina ezta garrantzi gutxiagokoa ere. Danel praktikotasunaren eredu izan zen eta bere lanak eragin zuzena izan zuen bikotearen goranzko joeran. Izan ere, Zabaletak zalantzekin hasi zuen neurketa, baina Danelek bikotearen ardura bere gain hartu eta konfiantza hartzen lagundu zion. Horrez gain, derrigorrez irabazi beharrak eragiten duen presioa ere maisuki kudeatu zuen.

Bukatzeko, ezin Peñak eta Albisuk egindako txapelketa nabarmendu gabe utzi. Inor gutxik aurreikusi zuen aurkezpenaren egunean bikote honen ibilbidea eta merezimendu osoz dira azpitxapeldun. Txapelketa oso erregularra osatu dute eta agian hori zen beraiengandik espero ez zen ezaugarria. Peñak goraka doala berretsi du eta Albisuk, berriz, bere ibilbide luzeko txapelketarik onena jokatu du. Pertsona oso maitatua da ataundarra eta txapelaren atarian gelditu izanarekin batera arantzatxo bat sartu da pilotazale bakoitzaren barruan; baita Elezkanok eta Zabaletak irabaztea nahi genuen zaleon barrenetan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!