Atzelariak fokupean

Orain gutxi, hauxe galdetu nion lagun bati: “Zein da gaurko partidua?”. Lagunak oso gutxitan entzun dudan moduan erantzun zidan: “Zabaleta Albisuren aurka”. Klik egin zidan buruak. Izan ere, binakako partiduak aipatzeko soilik aurrelariak izendatzera ohituta egonagatik, atzelarien parte-hartzea garrantzirik gabeko zerbait balitz bezala, atzekoen izenak entzuteak harritu ninduen; orduan konturatu nintzen pare bat hamarkada pasatu direla atzelariek protagonismoa galdu zutenetik. Barriola, eta batez ere Beloki izan ziren azkeneko liderrak.

Aurtengo binakakoan atzelariak aurrelarien gainetik nabarmentzen ari dira; eta denen artean nagusi, zalantzarik gabe, Zabaleta. Beloki bera ere entzun dugu esaten etxarrendarrak berak baino alde handiagoak markatzen dituela; eta hori esatea asko esatea da. Pena da, ordea, Zabaletaren joko uholdea pilotalekutik ezin gozatzea, ikaragarria baita pilotari ematen dion abiadura.

Albisu izan da Zabaleta estu hartu duen atzelari bakarra; birritan, gainera. Ataundarra ezin hobeto lehiatzen ari da eta inor gutxik espero zuen debutari batekin bigarren postuagatik borrokan egongo zenik bi jardunaldiren faltan.

Mariezkurrena ere ezusteko positiboa izaten ari da. Lau hilabete profesionaletatik kanpo eginda, presio handiko erronkari ezin hobeto erantzuten ari zaio; orain gutxi arte txapelketako bigarren pilotaririk onena izateraino. Azken asteotan behera egin du eskuko arazoengatik.

Baten batek ez du begi onez ikusiko nabarmentzen ari diren pilotarien artean Rezusta aipatzea, ez baita bere txapelketarik onena jokatzen ari. Baina bikotean duen pisua argia da, soilik Beñat ondo dagoenean funtzionatzen baitu.

Atzelariek ere ikuskizuna eman dezaketela ikusten ari gara. Zorte txarrekoak, hauek, arreta behingoagatik berenganatu eta hain gutxitan jaso eta hainbeste merezi dituzten txaloak ezin entzuteagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!