Aspek eta Baikok, euren web-orrietan gainera, Facebook eta Twitter bidezko aplikazioak erabiltzen dituzte nagusiki berriak, bideoak, argazkiak, zorionagurrak eta antzerakoak zabaltzeko, eta horien bitartez lortzen dute pilotazale batzuengana hurbiltzea; baina baita beste batzuengandik urruntzea ere. Izan ere, esan bezala, euskal hiztunak kontuan izan gabe informatzen dute gehienetan, eta gure kirola euskaraz ulertzen dugunoi arrotzak zaizkigu gaztelaniaz idatzitako txioak zein erdarazko lokuzioarekin publikatzen diren tantoen bideoak.
Hona hemen aipatutako denboratartean bi enpresen Twitter kontuak aztertu ondoren jasotako datu batzuk: Asperi pilotazalea batere bizigarririk gabe eduki izana egotzi dakioke. Oso aktibo hasi zuten itxialdia Twitter kontuan, eta martxoaren 15ean 9 pilotariren animo mezuak igo zituzten. Ondoren, ekainaren 15a bitarte, zazpi pilotariren zorionagurrak baino ez zituzten publikatu. Azken lau egunetan, partiduen itzuleraren berri izatearekin batera, egunkarietako albisteak bertxiotu zituzten gehien bat. Baikok, aldiz, aktualizazio ugari egin ditu bere kontuan (57 argitalpen) eta, zuzeneko partiduen faltan, pilotazaleon grina mantentzea izan du helburu, aurretik jokatutako neurketen eta tanto solteen bideoak partekatuz. Helburua zaleen multzo konkretu batekin soilik lortu nahi zuela zirudien, ordea. Izan ere, 57 argitalpenetatik 3 baino ez dira izan euskara hutsean, 9 ele bietara (denak zorion-agurrak), 9 emotikonoekin izendatuak eta 36 gaztelania hutsean.
Dirudienez, askotan, ahaztu egiten dugu kirol honek duen zaleen gehiengoa euskal hiztuna dela.
Kirolaren ospea zabaltzearen izenean, jarraitzaile leialen gehiengoa baztertzea ez zait iruditzen marketin-planik onena.