Baikoren iraultza

Zeresan handia ematen ari dira Baiko enpresan hartzen ari diren erabakiak. Azkena, guztiok harritu gaituena, Bengoetxea binakako txapelketatik ateratzea izan da. Ordura arteko emaitzak onak izan ez arren, maila altuan jokatzen eta zenbait partidutan baita ikuskizuna ematen ere baitzebilen Oinatz. Horregatik, erabaki oso kritikatua izan da pilotazaleon artean. Baina 2018an enpresa erregistratu zutenetik (nahiz eta aurkezpen ofiziala 2019ko urtarrilean egin) hartutako hainbat erabaki eztabaidagarriren artean azkena baino ez da izan.

Oihartzun handia izan zuen elkarren aurka jokatu beharreko pilotariak aldagela desberdinetan egotera behartzen duen arauaren ezarpenak ere. Eta zale zein pilotari askok gure kirolaren bereizgarritasun nagusiena galtzea suposatzen zuela adierazi zuten arren, aurrera eraman zuten erabakia.

Horrez gainera, arlo teknikoan eta komunikazio alorrean ere izan da aldaketa aipagarririk. Izan ere, lehenengoan, eta urte berria hastearekin batera, Ruben Belokik intendente izateari utzi zion bere erabakiz, pilota munduari 27 urtez lotuta egon ondoren. Bigarrenean ere aldaketa baten beharra ikusi dute nonbait, 1992. urtetik prentsa-burua izandako Edorta Gorostiza ordezkatzea erabaki baitute.

Bitartean, iraultza horren erdian, kirol arloari erreparatuz gero, Aspeko pilotariak dira txapelak janzten dituztenak. Izan ere, 2017tik hona titulu guztiak irabazi dituzte; Bengoetxeak berak banakakoa irabazi zuenetik, alegia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!