Horrela, partidu bat bukatzerakoan pilotariek elkar agurtzen dute bostekoa emanez. Zaleengana ere zuzentzen dira ondoren, norgehiagokan zehar emandako babes eta animoak eskertzeko, aurrez aurre jarri eta txaloak joz. Era berean, pilotazaleek ere pilotariek egindako ahalegina txalo zaparrada batekin eskertzen dute protagonista nagusiak aldagelara jo aurretik.
Baina esker oneko erritu horretan hutsune bat sentitzen dut nik; epailearen lana eskertzea. Bada, zergatik pilotariek ez dituzte epaileak agurtzen pilota partida bukatzen denean, azken hauek ere ikuskizunaren parte baldin badira? Azken hileetan hainbat pertsonari, pilotari batzuk tarteko, egin diet galdera horixe eta, gehienetan, epaileak “partidua hasi aurretik agurtzen dituztelako” dela erantzun izan didate. Bai, baina, era berean, pilotariek bostekoa ematen diote elkarri, lehenengo sakea egin aurretik zein azkeneko pilotakada jo ondoren, buruz buruko norgehiagoka jokatzen dutenean bederen.
Nire uste apalean, ez legoke sobera aurkariarengana zuzentzen diren bezala, kantxako egonaldia segundo gutxi batzuk luzatzearen truke, epailei ere, esker onez, bostekoa ematea.