Aimarrek bere enegarren erakustaldia eman berri zuen eta, horrela, uda bukaerara joko maila ikusgarrian iritsi dela erakutsi zuen berriz.
Aimar Olaizolak 39 urte ditu (40 beteko ditu azaroan) eta 21 urte baino gehiago daramatza goi mailan jokatzen. Ezagun da goizuetarra historiak eman duen pilotari handienetakoa dela, palmaresari begiratzea baino ez dago horretaz ohartzeko, baina bizpahiru lesio larri ere gainditu behar izan ditu bere ibilbide profesionalean zehar. Azkena binakako pilota txapelketan izan zen, Jon Ander Albisuk eta berak final erdietarako sailkapena puntu bakarrera zutenean lau jardunaldiren faltan. Ia lau hilabete errehabilitazio gogorrean pasatu ondoren, udako denboraldiaren atarian itzuli zen kantxetara. Itzulera zaila izan zen, bere ohiko mailatik oso urruti jokatutako partiduekin, eta, ondorioz, hainbat zalantza sortu ziren zaleen artean. Guztiok dakigu, normalean, zenbat eta urte gehiago izan, lesio baten ondorengo errekuperazio prozesuak zailagoak eta konplexuagoak izaten direla. Baina lana erruz egin ondoren, Aimar Olaizolarik onena ikusten ari gara kantxetan
berriro ere.
Esan bezala, Olaizolaren palmaresak gaur egun den pilotari handia irudikatzen du. Baina, nire ustez, garrantzitsuagoak dira Aimar eredu bihurtzen duten ebidentziak eta, batez ere, horiengatik nahiko nuke nik ere Aimar Olaizola izan.