Baiko Pilotari dagokionez, aurrelari zein atzelarien arteko lehia ederra espero da udan zehar. Iaz gertatu bezala, Artola, Victor, Laso eta Arteaga izango dira Bengoetxea VI.arekin batera oposizioa egingo duten aurrelariak; eta tarteka Agirrek eta Alberdik ere izan dezakete beraien burua aldarrikatzeko aukera.
Atzean, berriz, iaz Mariezkurrenak egindakoa berdintzen saiatu daitezke Aranguren eta Eskiroz, baina, horretarako, Imaz, Larunbe, Ibai Zabala edo Aretxabaleta atzelari handiei aurre egitea tokatuko zaie.
Aspe pilota enpresan ere gauzak estu daude. Bukatu berri den denboraldian erakutsi duten maila ikusita, aurrelarien oposizioak izan daitezke denetan erakargarrienak. Itxuraz, Elezkano, Irribarria, Altuna eta Ezkurdia gainontzekoak baino koska bat gorago daude, baina Jakak edo P. Etxeberriak ez dizkiete inondik ere gauzak erraz jarriko, maila gorenean joka dezaketela erakutsi baitute biek ala biek.
Atzelarien artean ere prest daude denak. Zabaleta eta Rezusta maila gorenean daude, eta Galarzak, Martijak, Erostarbek edo Tolosak elkarren aurka lehiatu beharko dutela aurreikusi daiteke.