Jokatzen ari den binakako txapelketan, ordea, atzelariak izaten ari dira protagonistak. Sailkapenari erreparatuta, atzelari onenak aurreikuspenak betetzen ari direla esan daiteke. Ia inork ez du zalantzan jartzen Rezusta, Zabaleta eta Albisu direla azken denboraldian diferentzia gehien markatzen ari diren atzelariak. Horrela, ez du ematen zailtasun handirik izango dutenik finalerdietan egoteko.
Mariezkurrena II.a, ordea, debutaria izanik, txapelketako sorpresarik ederrena izaten ari da zalantzarik gabe. Lau hilabete daramatza profesionaletan eta erakustaldiz erakustaldi demostratu du, ondo bidean, goi mailako atzelaria izango dela. Momentuz, finalaurrekoetara sailkatzeko azken postua berea da.
Laugarren postutik Ladis Galarza dagoen bosgarrenera bi garaipeneko koska dago sailkapenean. Baraibarko pilotariak inoiz baino sendoago dagoela erakutsi du txapelketan zehar eta Aspe enpresak emandako aukera aprobetxatzen ari dela esan daiteke, eta finalaurrekoetara sailkatzeko borrokan darrai.
Azkeneko hiru postuetan dauden atzelariek lan zailak izan dituzte partidu gehienetan. Aurretik aipatuak izan diren atzelariekin konparatuz, Martija, Imaz eta Aretxabaleta, kolpez dezentez gutxiago dira eta, horren ondorioz, partidu askotan errebotetik gertu dauden koadroetan lanean aritzea egokitu zaie.