A multzoan Victor Estebanek eta Joseba Ezkurdiak elkarren aurka jokatuko dute. Biak joko puntu onean eta moralez gainezka iritsi dira ligaxkara. Bestalde, Olaizola II.aren eta Altuna III.aren arteko partiduak Jokinen erabakiaren zain jarraitzen du. Txapeldunak jokatu ezean, galera handia izango litzateke txapelketarentzat. Horren onuraduna Aimar izango litzateke. Azken urteotan pilotazaleek zalantzan jarri dute Olaizola II.aren txapelerako hautagaitza, “kaiolan” inoiz izan den espezialistarik handiena bera den arren.
B multzoari dagokionez, Elezkano II.aren eta Jakaren arteko partidua ere kolokan dago, Danelek Irribarriaren aurkako partiduan buruan jaso zuen kolpea dela-eta. Arnasa ondo hartu ezinik omen dago egunotan. Jaka, ordea, Arteaga II.aren aurka erraz irabazita iritsi da ligaxkara, baina lesio larri batetik irten berritan ikusteke dago bere maila zein den, batez ere, gehiago behartu dezakeen aurkari baten aurrean izango dela kontuan hartuta.
Mikel Urrutikoetxearena antzeko kasua izan daiteke. Birus batek jota, hiru hilabete inguru egin ditu kantxetatik kanpo eta itzuli denetik ezin izan du gorputzeko nekea guztiz kendu. Bengoetxearen kontra jokatuko du eta Oinatzena bestelako egoera da. Enpresak inongo azalpenik eman gabe udako torneoetatik baztertu ondoren, ez dago inolako zalantzarik leitzarra txapelketa gosez izango dela.