Lehenengo, Victor baztertu zuten Laso sartzeko. Ondoren, Ladis Galarzarekin gauza bera egin zuten oineko lesiotik errekuperatu ondoren. Ibai Zabala izan zen hirugarrena Urrutikoetxearekin bi partidu jokatu eta gero, eta oraindik txapelketaren bigarren itzuli ia osoa falta da jokatzeko. Esan bezala, erabaki hauek guztiek dezepzioa eragin dute pilotazaleengan, txapelketak eta enpresek sinesgarritasuna galtzearekin batera.
Erabaki hauek justifikatzeko asmoz, Asegarceko gerenteak bi arrazoi eman ditu elkarrizketa batean: lehenengoa, pilotazaleek pilotari onenak ikusi nahi dituztela da; eta bigarrena, arau horrekin ordezkoen motibazioa areagotzea lortzen dutela, horrekin batera titularrak presiopean jokatzera behartzen dituztelarik. Alde batetik, txapelketaren hasierara hobeto iristen diren pilotariak aukeratzearen ordez, asteroko pilotaririk onenak aukeratzeak txapelketaren xarma galtzea eragiten du. Bestetik, nire iritziz, pilotari bakar batzuk motibaturik mantentzeko asmoz beste askoren presioa igotzea, ziurgabetasuna transmititzeaz gain, ez da biderik egokiena.
Aurrerantzean, esku pilotako binakako txapelketen analisia pilotari bakoitzaren errendimenduan oinarrituz egin beharko dugula iruditzen zait, bikoteka aztertzeak zentzua galdu du eta.