Kaiolako maisuaren bidea

Esku pilota profesionalak dituen hiru txapelketa nagusietako atarian, pilotazaleok txapela irabazteko faboritoen zerrenda egitera jotzen dugu. Azken urteotan izen berri ugari gehitu ditugu zerrenda horietara, eta, era berean, beste batzuk kentzera pasatu gara: erretiratu direlako, pilota utzi behar izan dutelako edo, batez ere, belaunaldi berriak oso indartsu pasatu direlako esku pilotaren erreferente izatera.

Jokatzen ari den lau t’erdiko txapelketaren hasieran konturatu nintzen Aimar Olaizola ez zela, gehienentzat, txapela irabazteko hautagai nagusia. Bengoetxea, Urrutikoetxea, Altuna III edota, kasu batzuetan, Ezkurdia ziren pilotazaleentzat txapela janzteko faboritoak. Hala ere, modalitate horren historian inork baino garaikur gehiago irabazi dituen pilotariak pasa den asteburuan beste behin erakutsi zuen kaiolan inor baino hobeto moldatzen dela, Bengoetxeari, gaur egungo txapeldunari, erritmo biziko partidu zoragarri batean 22-18 irabazita. Horren ondorioz, ongi bideratuta utzi du beste finalaurreko bat jokatzeko txartela. Momentuz, ligaxkako partidurik zailenari ezin hobeto egin dio aurre, baina bi lehia ditu aurretik larunbatean hasitako lana borobiltzeko.

Berak ere badaki zortzigarren txapela irabazteko bidea ez dela batere samurra izango, baina nork pentsatuko zuen, orain dela hamabost urte, zazpi txapel irabaziko zituela? Kalitatea ez zaio falta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!