Erdu Pilotan taldeak antolatutako txapelketak kluba sortu zenetik emakumeen pilota plazaratzea bultzatzen ari direnaren erakusleiho dira. Gogoratu nahi dut “Emakume Master Cup” txapelketa arrakastatsuan ordezkari gehien talde honek aurkeztu zituela, hamabi guztira.
Baina herritik eta herriarentzat antolatutako txapelketa hauen xedea bestelakoa da; alde batetik, herriko emakume guztiei parte hartzeko aukera eman zaie, eta bestetik, eta garrantzitsuena, parte-hartzaile guztiek, ondo pasatzearekin batera, pilotaz disfrutatzeko aukera paregabea dute. Horrekin batera, kasu hauetan ezinbestekoa den aldarrikapen kutsua ere hartzen dute jaialdiek, noski. Pilotariek beraiek baitakite aurrerapauso garrantzitsuen protagonistak izaten ari direla. Giro zoragarria sortzen da “Amorebieta IV” pilotaleku ederrean lehenago aipatu ditudan egunetan, eta uztailaren 25ean finalak jokatu bitartean, giro horren partaide izatera gonbidatzen zaituztet. Emakumeen pilotaren plazaratzearen parte izatera, alegia.