Txapelketan estreinatzeko ez du izango aurkari makala Mikelek, Retegi Bi eta Ezkurdiaren arteko partiduaren irabazlea izango da. Retegik banakako txapelketetan ezin hobeto moldatzen dela garbi erakutsi du, besteak beste 2014an txapeldunorde gelditu zen. Ezkurdiaren eta Urrutiren artekoak, aldiz, badu hurbileko aurrekari gogoangarri bat, iazkoa hain zuzen ere. Josebak eskura izan zuen garaipena, baina Mikelek, latz sufritu ondoren, 22-19 irabaztea lortu zuen. Halere, nire ustez, bai bata eta bai bestea baino koska bat gorago dagoela erakutsi du zaratamarrak orain arte.
Gainera, aurtengo txapelketak baditu Mikelentzat mesedegarri izan daitezkeen ezaugarri batzuk: lehenengoa txapelketa prestatzeko inork baino denbora gehiago izan duela; bigarrena aurkari zuzenek ez dutela atsedenerako betarik izan, binakako txapelketan finalaurrekoak edo finala jokatu behar izan dituztelako; eta hirugarrena, eta nire ustez garrantzitsuena, Mikelek binakako txapelketan joko puntu ezin hobean dagoela erakutsi duela. Azken ezaugarri hau soilik kontuan izanez gero, txapelaren jabe izateko hautagai nagusienetariko bat dela ez dago esan beharrik; beraz, hirurei erreparatuta, nik neuk faboritotzat jotzen dut.