Sailkapena oso estu

Hamar jardunaldi jokatu ondoren, inoiz baino estuago dago lehen mailako binakako txapelketa. Horren ondorioz, emozio faltarik ez da izango ligaxka bukatzeko falta diren lau jardunaldietan.

Askok aurreikusten genuen bezala, Irribarria eta Rezusta bikote oso indartsua osatzen ari dira eta bi partidu soilik galdu dute, biak Bengoetxea eta Larunberen kontra gainera. Kasualitatea? Ez dut uste. Txapelketak joko puntu onean harrapatu du Oinatz, eta Irribarriarentzat aurkaririk deserosoena dela argi erakutsi du. Beste bikoteek aukerak dituzte final aurrekoetan sartzeko, nahiz eta Urrutikoetxea eta Imazen kasuan oso urriak diren. Aipatzekoa da Mikelen egoera, jokoz oso ondo dagoela erakutsi baitu, baina ez du laguntza nahikorik jaso bere atzelariengandik.

Ikusi beharko da nola ekiten dieten azken txanpari gainerako bikoteek. Azkeneko jardunaldietan ikusi denez,

Altunari eta Barriolari luze egiten ari zaie ligaxka eta Aimarrek, ordea, baliteke gorantz egitea Untoriarekin batera.

Artolaren lesioa dela eta, Victor ezin hobeto ari da aukera aprobetxatzen eta Albisu zoragarri batekin bigarren postuan finkatu dira aukera handiekin.

Gozamena eta emozioa izango ditugu txapelketarekin. Eta txapelketaz gain ere badugu zertaz gozatu, larunbatean Andoni Aretxabaleta, sorbaldako ebakuntzaren eta lau hilabeteko errehabilitazio gogorraren ondoren, berriz kantxetara bueltatuko baita Markinan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!