Irujoren egoera kezkagarriak bultzatuta (guztion nahia da berriz ere kantxetan ikustea), Aspe enpresa Asegarcetik aurrelari bat fitxatu beharrean zegoen, eta Danel aukeratu zuten. Horrelako erabakiak ez dira errazak izaten, batez ere pilotariarentzat, baina erabaki errentagarria izan daitekeela uste dut, bai pilotariarentzat berarentzat eta baita enpresarentzat ere. Danelek bere enpresa berriarekin debutatu eta egun gutxira, agerian geratu zen enpresak beragan duen konfiantza, “Bilboko Aste Nagusia” torneoa jokatzeko aukera eman baitzioten. Eta konfiantza horri, primerako maila emanez, eta pilotari gorenekin lehiatzera heldu daitekeela erakutsiz erantzun zion. 22-15 irabazi zuten finala Danelek eta uda honetako atzelaririk onena izaten ari den Zabaletak, Olaizola II.ak eta Untoriak osatutako punta-puntako bikotearen aurka.
Elezkanok definitu zuen bezala, bere “bizitzako partidurik garrantzitsuena”, bere aitari eskaini nahi izan zion modu hunkigarrian, eta ez da gutxiagorako. Pilotazaleok faltan botatzen dugu Jokin Elezkano pilotalekuetan, baina badakigu harro egongo dela. Eta oraindik, harro egoteko motibo ugari izango ditu aurrerantzean. Danelen aldetik eguneroko lana eta ilusioa baieztatuta daude.