Gaur autobusa hartu dut Bilbotik Abadiñora etortzeko. Ez da bidaia luzea, baina neure munduan sartu gura nuen eta entzungailuak jarri nituen. Txikitan gustatzen zitzaidan autobusean joatea, kristalari itsatsita, bere bibrazioak sentitzeko. Ez dakit orain burua barrutik beteta (edo hutsik) dudalako den edo zer, baina esperientzia hori ez dut errepikatu gura. Ibil Bediren berriak entzuten etorri naiz, 12 minutuak bata bestearen atzetik, letrak buru aztoratuan geratu arte. Zaila ordea, albotik emakume bat zarataka berba egiten telefonoz, aurreko gizonak politikari buruz berbetan, eta atzetik ume bat jolas elektroniko bategaz. Besteen tarteek galarazi didate neuretzako tartea zena gozatzea.
Badakit ni naizela, ez dela autobusa edo umea. Bakoitzak bere intimitatea modu batera bizi du. Nik auto barruan, gidatzen sentitzen dut. Bidaia labur zein luzeetan. Autobusean ikasitako abestiak datozenean, eta autoagaz bihurgune bat hartzean “bihurguneen erakarpen indarrez” abestean. Autobidean bakarrik noala, pantailak “segurtasun tartea zaindu” dioenean iruditzen zait ez zaidala bideari buruz ari. Hori zaintzeko badaude bestelako radarrak. Zaintzeko edo.
Autoan ahotsa galdu izan dut. Bakarrik noala, bikotekideagaz edota lagunekin. Tarte horiek maite ditut. Ez antolatutako planak eurak, horien aurreko edo ondorengo uneak baizik. Deba-Zumaia ibilbidea egitera bidean egindako tren bidaia horretan (trena autobusa baino erosoagoa da, bai) bizitakoa; etxeko lanak egin eta sofan eseri garen momentu hori…
Ez da agenda bat edukitzea. Ez da “ea tartetxorik har dezakedan…” pentsatzea. Zeure inguruari eman gura diozun denbora ez da neurtzen. Zeure inguruari ez diozu ezer zor. Zeure buruari zor diozu maite duzun jendeagaz egotea. Zeure burua maite baduzu ere, zeure bakardadeaz gozatzea. Izan autobidearen zuzen etengabean, edota burua autobuseko kristalean jarrita. Ez itxaron neoizko seinale batek “segurtasun tartea zaindu” esateko.