Behin jende horrek Lurra uzten duenean, hasten gara adinaz gogoratzen, edo gure bizitzetan izan zuen eragina azpimarratzen. Ariketa hori beharbada gutxiegi egiten dugu hurbilekoekin. Behintzat, egiten dugun gutxietan, kontu ederrak azaltzen dira memoriatik mahai gainera. Aldiz, pertsonaia publikoak izan direnekin, gurata ala gura barik, asteak eta asteak irauten digu bere iraganaren errepasoak. Ezin daitezke guztiak alderatu, baina denek dute komunean formula bat: lehen erreakzioan, pertsona horrekiko beti entzungo ditugu berba onak.
Ez diot zendutako batzuek ez dutenik merezi. Hain zuzen, beti irteten da memoriaren atzetik hausnarketa bera: “Ez dugu jakin bizirik zegoen artean bere lana behar bezala eskertzen eta goraipatzen”. Garaikoetxearen kasuan, politikari guztiek dituzte berba onak, baita Euskal Herriari eraso egiten dieten horiek ere. Egun batzuez, iraganak berriz hartu ditu hedabideak, Garaikoetxea goraipatzeko, eta bere lana eredu bilakatzeko. Eta ez naiz ni izango hori ondo dagoen ala ez ebatziko duena. Baina argi dut orainaldian borrokatzen ari diren aktibistek ere merezi dutela aipamen hori, borroka hori amaitu arte itxaron barik.
Aste honetan bertan, Ajuria Eneatik kilometro batzuetara, goraipatzeko irudia ikusi dugu. Gazte euskaltzale batzuek aurre egingo diote Frantziako Estatuari eta bertako hezkuntza sistemari. Ekainaren 12an euskararen aldeko pultsua egingo dute, matematikako azterketan. Beharrezkoa da iragana ez ahaztea, baina oraina eta, batez ere, etorkizuna ditugu jokoan. Berba potoloak dira beharbada, baina Garaikoetxeak txalo egingo lieke gazte horiei. Egin biezaie Euskal Herriak txalo eta bultza gazte horiei.