Gaur da

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2026ko martxoaren 6a

Gaur martxoaren 7a da, baina zu agian 6an zabiltza hau irakurtzen. Agian martxoaren 14a da, apirilaren 5a edo auskalo zein hileko zein egun. Niretzat, esaterako, gaur, testua idazten ari naizen eguna, otsailaren 25a da. Telebistan amak jarritako telesail bat dago martxan; amak aspaldi hartu du lo, ordea. Pantailen magia hori ote: arreta osoa edo arretarik eza sortzen dute.

Alde batetik telefonoetako pantailak daude, bizitzako momentu gehiegitan arreta galarazten diguten pantailak. Tira, gure amaren kasuan telefonoaren aurrean ere lo geratzen da sarri. Izan bideo absurduak ikusten, edota moralaren, etikaren eta zenbaitetan legaltasunaren marra gainditzen duten edukiak kontsumitzen. Martxoaren 7an, baina 1876. urtean, Graham Bellek telefonoa patentatu zuen. Zenbat zaildu dizkigun gauzak harrezkero, gauzak erraztu behar lizkigukeen horrek. Pantaila txikiko eduki batzuen inguruan zelatari jartzen garen arren, gai honetan behintzat tamainak ez du axola: Goya eta Oscar sarien asteotan zelan ahaztu pantaila handietan ikus ditzakegunak. Maspalomas, Wuthering Heights eta beste ugari, gizarteko gai desberdinak zinema aretoetara eta nazioarteko zinemaldirik handienetara eramaten dituzte. Aurrekontu handiko filmak dira, gainera. Zuzendari belaunaldi berriko edo aurrekontu txikiko lanetatik datozenak dira sarri lan horien atzean daudenak, garai batean egiten zen zinema mota atzean utzirik. Bide batez, martxoaren 7an, baina 1999an, hil zen historiako zuzendari ezagunenetariko bat: Stanley Kubrick. Urteak igaro ahala, bere lanak goraipatzen jarraitu du pantaila handiaren munduak. Baina bere itzalak ere agertzen joan dira, zorionez. Shelley Duvall aktoreak The Shining filmean jasan zuen tortura argitara irten zen orain dela urte gutxi. Tortura hark gaixotasun mentala eragin zion, zeinatik ez zen sekula sendatu. Eta ez diogu geure buruari galdetu ere egiten berdina egingo ote lukeen gizon batekin, ondo baitakigu horren erantzuna. Zorionez, garaiotan itzal horiek argitara irteten hasiak dira, aktore emakumeak beldurra galtzen hasi zirelako: Angelina Jolie, Salma Hayek, Gwyneth Paltrow, eta Harvey Weinsteinek eraso egin zien guztiei. Horregatik, berdin dio domeka bada gaur, martitzena edo eguena. Egunero da justizia egiteko eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!