Hainbat jende mota dago: jende arrazionala, ondorioari kausa batzuk jartzen dizkiona (jartzen jakin ala ez); jende irrazionala, kausak zeintzuk diren ulertzen ez duena eta inpultsiboki ekiten duena; eta pertsonongan existitzen dira momentu ‘erruzionalak’, guztiari kausak edo argumentuak ipini beharrean, errudunak jartzen hasten garen une horiek. Beharbada patua ere tartean dago edo tartean sartzen dugu, baina behar dugu norbaitengan, zeozertan jarri jazotakoaren kausa.
Xalbadorrek 1967ko Euskal Herriko Txapelketan ezin hobeto erabili zuen “errua” berba: “Zuek ez bazerate kontentu, errua ez daukat ez nik”. 'Errua' berba abesterakoan, igarrian zuen bertan bizi izan zuena, Anoetako txistuak eta abarrak, merezi ez zuen giroa. Bertso hura abestean jasotako txalo zaparradak argi utzi zien bai Xalbadorri bai Anoetan bildutako entzuleei, urepeldarraren bertsoak ulertu ez izana ez zela Xalbadorren errua, ezta beraiena ere: badakigu norena edo zerena zen errua. Baina horrek euskaldunen artean txarto ulertuak eta haserreak eragin zituen.
Eta egun, zu ere zergatia bilatzeko beharraren beharraz, noraezean zabiltza, badakizulako, edo uste duzulako, zeozer badagoela gertatu zaizunaren atzean. Egunari minutuak kendu dizkiozu horretan pentsatzen, une batez kristau, ateo edo dena delako erlijiokoa egin zara, konturatu barik. Hartu dituzun erabakiak, egunotan erabili dituzun berbak eta ekintzak birneurtzen eman dituzu minutu horiek. Buruan ez zaizu kabitzen, ordea, gauzak, susmoz eta galdera ikurrez inguratutako gauza horiek, batzuetan, gertatu egiten direla. Besterik barik.