Orri zuria

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2025eko azaroaren 7a

Auskalo nork asmatu zituen beldurra, ikara eta izua. Gizakiak hauskorragoak, ahulagoak, samurragoak… finean, gizakiagoak egiten gaituzte. Kazetariak egunero bizi du egoera hein batean. Ia egunero duzu zerbait kontatzeko, baina idazteko moduak garamatza hasteko zailtasunera. Gaur goizean, beste behin, orrialde zuri bati aurre egin behar izan diozu. Barikua da, eta astean zehar gertatutakoaz, gaurkoaz, edota asteburuan datorrenaz idatzi dezakezu. Baina ezinezkotzat dugun hura lortzeko gogoak bizitzen zaituen moduan, zeregin erraz legez dugun horrek galga bezalako zeozer sortzen dizu. Dena kontatuta dago, baina kontatzen jarraitu behar.

Eta orduan zeozer desberdina kontatzeko apustua egin dezakezu. Baina zein puntutan izan daiteke orijinala, eta zein puntutan suizidio bat, diozuna ez duelako inork ere irakurriko edo entzungo. Hau da: betiko gaien inguruan hitz egingo dut, pil-pilean dauden gaietan sartuko naiz, ala kontatu bako istorio bat kontatuko dut? Beharbada, hautu bat edo beste egin, orrialde zuri hori betetzen zoazen bitartean galderak egiten dizkiozu zeure buruari: merezi du edukiak espazio hau? Benetan nabil zeozer desberdina eta gura dudana kontatzen?

Testu bat idazten duzun aldi bakoitzean galdera sorta batek inguratzen zaitu, eta benetan merezi duela uste eta sinisten duzun arte ezinegona sentitzen duzu. Inguruko batek entzun edo irakurtzen bazaitu eta bere onespena ematen badizu, hartu duzun lana justifikatutzat hartzen duzu.

Gerta daiteke, baina, ezintasunak gain hartzea. Ezinezkoa zaigu ustez, kazetariak gara, gure egin beharra idaztea da, kontatzea. Baina gure lanabesa berba da, batzuetan aurkitu ezin dugun hori. Ez da gertatzen erredakziora heldu eta berbak hor egotea. Etxetik ekar ditzakegu batzuetan, beste batzuetan kajoi eta paper artean aurki ditzakegu; eta beste batzuetan ez daude, beste barik.

Okinak ogia atera behar duen legez, kazetariak testua atera behar, nola edo hala. Batzuetan zurian entregatzea gustatuko litzaidake, ikasi barik joandako azterketa batean egongo banintz lez. Baina azkenerako orria bete duzu, eguneko jarduna beteta, bihar beste egun bat. Kuriosoa da: beti amaitzen duzu eguna biharkoan gaur etorri ez zaizuna kontatzeko esperantzarekin. Bihar ere labea eta orea izango ditugu. Orri zuria ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!