Tira, harira: azken egunotan berriz ere Urbizuren musika entzuten da irratietan, Merina Grisekoekin elkarlanean, eta orain dela 22 urte inguru zioen esaldi antzeko bat, baina guztiz desberdina. 2003an zera zioen: “Mundua obretan dago, baina guk ez dugu ezer apurtu…”. 2025a heldu zen, eta orain zera dio: “Mundua obretan dago ta guk apurtu dugu…”. Eta 2025eko Igor zalantza eta autoindefinizio batean lez geratu zen. Apurtu dugu ala ez dugu apurtu? Noski, Urbizuk dioena ez da joango balizko etorkizuneko Euskal Errepublikaren konstituzioan idatzita, baina galdera orokor batera eramaten naute halako kontraste eta kontraesanek: guk pentsatzen duguna gara ala guri pentsarazten digutena?
Noraezera eta nire baitan korapilatzera naramaten galderak ditut barruan bueltaka, galderak lokarriak bailiran elkarren artean katramilatzen joango balira lez. Azken hilabetean, Bilbon Vueltan jazotakoaren harira, geroago eta hedabide gehiago dira Palestinaren gaia atera dutenak. Geroago eta ahots gehiago (are, geroago eta estatu gehiago) dira genozidioaren aurka oldartu direnak. Baina gizartearen eskuma aldeak mespretxuz begiratzen dio ezker aldeari, “bah, komunista hauek mundua apurtu gura dute, besterik ez!” diote. Eta sentsazioa dut berdin gertatzen dela (kasu askoz gutxiagotan, noski) eskuineko jendeak egiaren bat ateratzen badio ezkerreko aldeari: “Bah, faxista horiek ez dira konturatzen gezur batean bizi direla”.
Eta egia da, zintzoki uste dut eskuineko jendeak ez duela errealitatearen ikuspegi objektibo batetik hitz egiten momentu bakar batean ere. Baina batak besteari mintzen diguten egiak entzutea saihesten dugu. Hara, Gorka Urbizuk dio kanta berrian: Egia Donostiako auzo bat da. Okerrena da galdera eta hausnarketa horiek ez ditugula beste inon planteatzen, jai edo alkohol giroan ez bada; sanmigeletan Estrella batzuk edaten, adibidez. Hor ere, kontraesanak.