Azterketa batek (berriz) euskararen erabilera eta euskaradun jende kopurua jaitsi egingo direla iragarri du 2036. urterako. Ez gaitu sorpresan harrapatzen, ezta? Gure ezkor senak elikatzen gaitu ezkorrago izan gaitezen, eta ez diot izan behar ez garenik, baina iruditzen zait nahikoa dela. Negar egiteak balio du gure minaren berri emateko, eta nostalgiak balio du altxor bat dugula gogoratzeko; baina ezin gara biharamunean bezperako ogi gogorra armosatzen ibili. Batzuk egin dute eta ari dira ahalegina egiten mundu globalizatuan euskarak leku bat izan dezan.
Netflix Euskaraz plataformak bere ibilbideari amaiera eman dio, “Instituzioek aurrera pausorik eman ez dutela” argudiatuta. Beno, argudiatuta-edo, agerikoa dena jendeari azaltzeko asmoz. Herritar talde batek, orain dela 4 urte, euskara pantaila mota guztietara heltzeko ahalegina eta eskakizuna egiteko ekimena hasi zuen. Baina instituzioek, beste behin, ez dute babestu. Kike Amonarriz ETBko ‘Linbo’ saioan agertu zen, egungo gazteek kaleko euskararen erabileraren baitan egin zitzaketen moldaera naturalak egiteko proposamena aurkeztuz. Norbere borondatetik abiatzen den ekimena da, bai, baina proposamen bat da, praktika, ekintza duen proposamen bat. Eta hori falta zaio euskararen auziari: ekintzak, proposamenen praktika. Instituzioek ez dute egin, ez dira ausartu mahaitik kalera eramatera, eta hori behar du euskarak: Euskaraldia ez da nahikoa, Korrika ez da nahikoa… egun beroetan, egun hotzetan, izararik gabeko zein mantaz beteriko gauetan egon behar du euskarak. Hori, noski, herriak euskara bizi dadin gura badu.