Euskara, espazio eta arnas barik

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti

Ezinbestekoa dute euskarak eta euskal kulturak ahalduntzea. Espazioa galtzen ari diren sentsazioa areagotu da urteotan. Euskaraldiak arnasgune bat sortzen du arnasa behar duen gune horietan, baina ezin dugu arnasgune horiek bi urtean behin soilik edukitzeko luxurik izan. Euskara espazio berrietara, edo iraganean ukatuak izan zaizkionetara zabaltzeko ahaleginean, euskara bera, gurata edo gura barik, bazter geratzen ari da, eta euskararekiko zein euskal kulturarekiko oldarraldia areagotzen doa.

Gure herrian jazo diren kontuei buruz berba egiteko sare sozialetako ditxosozko talde batean gazteek gida baimena euskaraz ateratzeagatik jaso dezaketen laguntzaren aurkako oldarraldia sortu da. Delako ekimen hau udala osatzen duten alderdi guztiek (bai, Estatuko alderdia denak ere bai) babestu dute; aldiz, alderdi horiei botoa eman dieten batzuk aurka agertu dira, eta, zelan ez, Euskal Herriak bizi izan dituen konbultsioz beteriko garaiak birgogoratu dituzte, ekimen hori garai haiekin loturik. Okerrena da, baina, zilegitasuna eta etikoaren barruan sartzen ditugula halako astakeriak esan ahal izatea. Eta oldarraldi zapaltzaileei espazioa emanez gero, zapaldua desagertua izango da (ez da beharrezkoa Palestinaren adibidea jartzea, ezta?).

Eta beharbada borroka norbanakotik ere galtzen ari da euskara. Ez dugu erreparorik txosnetan erdarazko musika berria jartzea eskatzeko eta txosnen izaera “politiko eta ideologikotik at” legez ikusteko, ez eta politikoa den oro despolitizatzeko ere. Aste honetan Nazioen Ligan Euskal Herriko puntista batzuek Espainiako Selekzioarekin jokatu dute. Euretako batek adierazi du: “Politika alde batera laga, kirol arloari begiratu, eta Espainiarekin aritzea erabaki nuen (…) Euskal selekzioarekin arituta, agian gero ez nuen aukera izango berriro Espainiarekin jokatzeko”. Ezin duzu politika albo batera laga, bataren ofizialtasuna ukatu eta zentsuratu gura duen beste selekzioarekin jokatzeko aukera mantendu gura baduzu. Honek argi erakusten du sistema, instituzioak, egoera desbirtualizatzeko lanean aurrerapausoak ematen ari direla. Eta horrek ondorio larri bat dakar, lehen lerroetan aurreratutakoa: euskara eta euskal kultura espazioa galtzen ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!